Alejandra Diaz Ortizen mikroipuinen irakurketa
Kubidetik-en eskutik
Mexikarra da jaiotzez, baina Madrilen bizi da. Eleberri bat ez ezik, ipuin laburren hirugarren liburua argitaratu du jada. Trama Editorialen eskutik ‘Cuentos chinos’ liburua argitaratu zuen 2009an, Luis Eduardo Autek hitzaurrea egin zuelarik. 2012an, ‘Pizca de sal’ liburua argitaratu zuen, Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohi Luis Alberto de Cuencak iruzkindua. Azkenik, 2014ko maiatzean, ‘No hay tres sin dos’ aurkeztu zuen John Hemingway, Nobel Saridunaren biloba, aitabitxi izan zuela.
Hiru liburuak abiapuntu dituela josiko du istorioa egileak irakurketa honetan; horrela, kontakizun koherentea osatuko du, baina baita irekia ere, ehunka atalez osatua, eta umorea eta ironia nabarmen erabilita. Bertaratutakoen parte-hartzea bultzatzen saiatuko da jolas baten bidez: gai bat proposatuta, ipuin labur bat sortzea eskatuko die. Irabazleak bizkarreko bat eta sari txiki bat jasoko du.
Egilearen ibilbideari erreparatuta, zinemaren munduan aritu zen Jaime De Armiñán zuzendariarekin eta musikaren munduan ere murgildu zen bere herrialdean, laguntzaile lanak eginez, besteak beste, Joaquín Sabina eta Silvio Rodríguez musikarien biretan. Madrilen bizi denetik, argitalpen eta hedabide desberdinetan parte hartu du.
Bere ibilbideaz gauza ugari aipa daitezke: Arturo Ripsteinekin galdu zuen xalotasuna, Luis Eduardo Autek Anjelica Hustonekin nahasten zuen, Joaquín Sabinak kantu bat oparitu zion, Jaime Lópezek disko oso bat idatzi zion, garbitzaile profesionala eta atez ateko egutegi-saltzailea izan zen, eta azken musua eman aurretik ospa egin zuen poeta batekin ezkondu zen…
Hemen duzu bere blogaren helbidea informazio gehiago eskuratu eta bere lanaren eta bestelako datuen berri izateko: https://alejandradiazortiz.wordpress.com/
0